Jesuita
izatea













San Frantzisko Xabierkoa

Frantzisko Jatsu (Xabier, Nafarroa, 1506 - Shangchuan uhartea, Txina, 1552) Parisko Unibertsitateko ikasle anbiziotsua zen, eta bere ondorengo belaunaldietarako misiolariaren paradigma bihurtu zuen Ignaziok. Bidali zuen eta muga, hizkuntza eta arrisku guztien gainetik Jesukristo munduko txoko guztietara eramaten saiatu zen. Indian ibili zen, Japonian misioak irekitzeko oinarriak jarri zituen eta Txina ezezagunera iristear zela hil zen. Bidaiari honek grinaz beteriko eskutitzak idazten zizkien bere Europako kideei, eta gaur egun oraindik ere Jesusen Lagundiko eta Elizako irudirik erakargarrienetakoa da.
San Jose Antxietakoa

«Brasilgo apostolua» (San Cristóbal de la Laguna, Tenerife, 1534 - Reritiba, Brasil, 1597) inkulturazioaren eta ahulenen aldeko defentsaren eredua da. 19 urterekin nobiziotza bukatu eta Amerikara joan zen; han indigenekin harremanetan bizi izan zen beti, tupi hizkuntza ikasi zuen -lehenengo gramatika berak idatzi zuen eta hizkuntza horretan idatzitako lehenengo dotrina berea da-, eta kultura haietako beste zenbait elementu ere menderatu zituen, hala nola, botanika, sendabelarren erabilera edo eskulangintza. Herri indigenak baketzen saiatu zen eta beren eskubideak (eta mestizoenak) irmo defendatu zituen, esklabo hartu nahi zituztenen aurrean. Sao Paulo hiria sortu zuen eta Brasilgo letren aita ere bera dela esaten da, bere obra dramaturgiko eta poetikoaren ondorioz.
San Alonso Rodríguez

Alonso Rodríguez (Segovia, 1532 – Palma Mallorcakoa, 1617) Jesusen Lagunduko Anaien zaindaria da. Emaztea eta seme-alabak hil zitzaizkionean, porrot egindako merkatari honek bere bizitza erabat berritzea erabaki zuen. 39 urterekin sartu zen Jesusen Lagundian eta bere zeregin nagusia Palmako Montesión ikastetxeko atezaina izatea izan zen. Umiltasunaren eta barne-bizitzaren eredu, Jainkoaren presentzia etengabe bizitzen ahalegindu zen. Bere santutasunaren berri bazuen jendeak eta berarekin hitz egitera etortzen ziren hasi erregeordetik eta pobreenetarainoko guztiak. Bere nagusien aginduz tratatu espiritual bat idatzi zuen eta gaur egun hiru ale ditu. Idatzi hauetan, eta bere bizimodu eredugarrian, Alonso Rodríguez egiazko mistikoa da, eta atezainaren toki xumetik Lagundi unibertsalaren misioa argitzen du.
San Pedro Claver

Pedro Claverren historiak (Verdú 1580 — Cartagena de Indias, 1654) bere garaiko Cartagena de Indiasera garamatza, beltz-tratulariz, pirataz eta inkisidorez betetako hirira. Pobreenekiko eta baztertuekiko maitasunaren adibidea dugu Claver. Pertsonen salerosketari ausardiaz egin zion aurre eta bere bizitza eman zuen portura iristen ziren esklaboak artatzen; pertsona gisa ere hartzen ez ziren haiengan aitortzen zuen Jesus. Itsasontzietako sotoetan sartzen zen, pilatuta ekartzen baitzituzten, eta esklaboak zeuden biltegietara ere joaten zen; lagundu, sendatu eta katekesia erakusten zien denei. Bere betiko botoak egin zituenean, sinaduraren ondoan bere bizitzako leloa jarri zuen: «Pedro Claver, beltzen esklabo betirako».
Pedro Arrupe

Pedro Arrupe (Bilbo, 1907 – Erroma, 1991) Jesusen Lagundiko Preposito Jenerala izan zen 1965etik 1983ra. XX. mendeko gizarte- eta eliza-historiako pertsonarik garrantzitsuenetakotzat hartuta dago; oso gizon umila zen eta bere gune eta eredu Nazareteko Jesus izan zen. Gizon unibertsala, Japonia bezalako testuinguru desberdinean inkulturatzen jakin zuen eta herri horrekin batera bizi zuen bonba atomikoaren esperientzia beldurgarria. Arrupe bere garaiari aurrea hartuta bizi izan zen. Vietnamdik itsasontzietan ihesi zoazenekin harrituta geratu zen eta 1980an Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita sortu zuen tokialdatutakoei lagun egiteko, zerbitzatzeko eta defendatzeko. Bera jenerala zela egin zen 32. Kongregazio Jenerala eta jesuiten misioa birformulatu zuen; fedearen zerbitzua eta justiziaren sustapena bateratu zituen.
Vicente Cañas

Vicente Cañas anaia (Alborea, Albacete, 1939 - Mato Grosso, Brasil, 1987) herrien kultura eta bizimodua erabat errespetatzen duen presentzia misiolariaren eredua da. Cañasek hamar urte baino gehiago egin zituen Enawenê-Nawê tribuan, gizaki zuriekin inolako harremanik ez zuten arren. Amazoniako indigenen eskubideak defendatu zituen eta indioen lurrak setiatzen zituzten lur-jabeek erail zuten. Bere hiltzaileak oraindik ere ez dituzte epaitu. Ibaiaren hondotik ateratako harri xume bat besterik ez dauka lurperatuta dagoen tokian. Hauxe dauka grabatuta: Kiwxí, indioek honela deitzen baitzioten.
Luis Espinal

Lucho Espinalek (Sant Fruitós de Bages, Bartzelona, 1932 - La Paz, Bolivia,1980) sentsibilitate artistiko eta poetiko berezia zuen, eta okerren bizi zirenen zerbitzura jarri zuen sentsibilitate hori, lehenengo Espainian eta gero Bolivian; herrialde horretako herritartasuna hartu zuen 1970ean. Espinalek heriotza eta bizitzaren arteko bidegurutzearekin egin zuen topo han, heriotza dakarten boterearen idoloak zeuden batetik eta mehatxatutako herriaren bizitza bestetik. Eta bizitzaren Jainkoa aukeratu zuen. Bere idatzien, olerkien, telebistako programen eta gidoien bidez giza eskubideak defendatu zituen, diktaduren aurka egin zuen eta meatzarien eta Boliviako landako biztanleriaren borrokekin bat egin zuen. «Pobreen alde egin izanaren» ondorioz, paramilitar talde batek bahitu, torturatu eta erail egin zuen 1980ko martxoaren 22 gauean.
Ignacio Ellacuría

Ignacio Ellacuría (Portugalete,1930 - San Salvador, 1989) filosofo eta teologo handia zen eta hala gogora genezakeen. Baina El Salvadorrek zituen egiturazko bidegabekeriak salatzeko zuen konpromiso intelektualaren ondorioz, erail egin zuten eta giza eskubideen defentsako erreferente unibertsal bihurtu zen. 80ko hamarkadako El Salvador gerra zibilean murgilduta zegoen eta desberdintasun handiak zeuden; pobretutako nekazariek jasaten zuten desberdintasun hori, batez ere eta biztanleriaren gehiengoa horrelakoa zen. UCAko errektore zela, Ignacio Ellacuríak pobreen aldeko gizarte aldaketaren alde egin zuen, gobernuaren indarkeria eta gehiegikeriak kondenatu zituen eta gatazka armatuari irtenbide negoziatua aurkitzen saiatu zen. El Salvadorreko soldadu destakamendu batek erail zuen Segundo Montes, Ignacio Martín-Baró, Amando López, Juan Ramón Moreno eta Joaquín López jesuitekin batera eta beren etxean lana egiten zuen emakumea eta honen alabarekin batera: Julia Elba eta Celina Ramos.
San Frantzisko Borjakoa

Frantzisko Borjakoa (Gandía, Valentzia, 1510 - Erroma, 1572) Aragoiko erreinuko familiarik ospetsuenetako bateko kidea zen. Izan zitezkeen ohore guztiak zituen: Gandíako dukea, Lombayko markesa eta Kataluniako erregeordea. Ezkondu eta zortzi seme-alaba izan zituen, baina bere emaztea hil zenean dena utzi eta Jesusen Lagundian sartu zen, are gehiago, hirugarren Preposito Jenerala izan zen. Bere umiltasuna harrigarria zen, bere familiaren botere handia gogoan zuten guztiak harrituta geratzen ziren. Antolatzaile nekaezina izan zen, mundu osoan zehar zabaldu zituen jesuiten misioak eta Lagundiari eman zion bultzadaren ondorioz, bigarren sortzailea izan zela esaten da.
San José María Rubio

José María Rubio (Dalías, Almería, 1864 – Aranjuez, Madril, 1929) nekazari familia bateko hamahiru seme-alabetan zaharrena izan zen. Apaiz sekularra izan zen, baina Jesusen Lagundia gustuko zuenez, nobiziotzan sartu zen 42 urte zituela. Jainkoaren borondatea betetzea zen bere bizitzaren ardatza: «Jainkoak nahi duena egin eta Jainkoak egiten duena maite». Madril izan zen bere apostolutza handiaren alorra, bereziki herri txikiak eta auzorik pobreenak. Hainbat obra sortu eta abian jarri zituen eta bere santutasun ospea harrigarria zen. Jendeak orduak egiten zituen berarekin aitortza egiteko eta elizak puntaraino betetzen ziren bere sermoiak entzuteko. Entzuten zekien gizona zen, larritasunik gabe ibiltzen zen eta bere hitz xumeak arimaren hondoraino iristen ziren.
San Juan del Castillo

Juan del Castillo (Belmonte, Cuenca, 1595 - Asunción, Paraguay, 1628) aipatzea gizateriaren ondare batez hitz egitea da: Paraguayko erredukzioez. Bere bizitza aztertzen hasiz gero paisaiak, ur-jauziak, natura bizi-bizia... ikusiko dugu. La Misión filmeko eszena zirraragarri haiek; baina bide estu eta neketsuetan ere ibili zen, gizakien interesek, gobernuek, zeregin politiko, ekonomiko eta erlijiosoek funtsezko zeregina izan zuten eta bere bizia eman zuen azkenean. Amets baten alde apustu egin zuen, gizateria berriaren alde, Erreinuaren alde, eta erredukzioen aurkako indigena batzuek hil zuten, arrastaka ibili, harrika eman eta hil arte jo zuten.
Pedro Paez

Pedro Paéz (Olmeda de las Fuentes, Madril, 1564 – Gorgora, Etiopia, 1622) abenturazko bizitza da eta ezin da laburtu. Indiara eta Etiopiara joan zen misiolari izatera, Indiako ozeanoa gurutzatu zuen, baita itsaso Gorria ere, arabiarrek bahitu zuten eta turkiarrei saldu esklabo izateko. Ia zazpi urte egin zituen esklabo, turkiarren galeretan arraunean, eta hankatik kateaz lotuta zeharkatu zituen Arabiako basamortuak, ordura arte Mendebaldean inork ezagutzen ez zituen lurraldeak. Erreskatatu zutenean Páezek ez zuen amore eman eta Etiopiara itzuli zen; misiolari lanak egiteaz gain zientziako lanak ere egin zituen. Tokiko hizkuntza eta ohiturak bere egin eta Etiopiako enperadoreen konfiantza eskuratu zuen eta inposiziorik gabeko kultura-elkartrukearen eredu da. Nilo Urdinaren iturburuetara (Etiopiako Tana aintzira) iritsi zen Mendebaldeko lehenengoa izan zen eta kafea edan eta dokumentatu zuen lehenengoa ere bai. Javier Revertek bere historia harrigarriaren berri eman du Dios, el diablo y la aventura liburuan.
Frantzisko Garate dohatsua

Pedro Arrupe aitak esan zuen Frantzisko Garate (Azpeitia, 1857 - Bilbo, 1929) izan zela Deustuko Unibertsitatearen mendeurrenean inoiz emandako irakaspenik onena eman zuena. Anaia jesuita hau Unibertsitateko atezaina izan zen bere bizitza osoan. Adeitasunez eta maitasunez hartzen zituen iristen ziren denak, eta ahal zuen guztian laguntzen zuen. Ikasleek "Finuras anaia" esaten zioten, izaera oso fina zuelako eta arima ere bai. Jainkoak eskatzen ziona Lagundiaren bidez betetzen zuenaren uste osoa zuen eta Joan Paulo II.aren hitzetan apostolatu ororen arima gisa barne-bizitzak duen balioaren lekuko jakin eta garaikidea izan zen.