Gogojardunak
Barne-bizitza ere landu beharra dago. Gogojardunak barne-gimnasiako taula batzuen tankerakoak dira, Jainkoaren ekintzaren aurrean jartzen gara eta bere deia geure egiten dugu, eskaintzen digun bizitzaren osotasuna bizitzeko. Gogojardunak esperientzia pertsonala dira eta bizitza eraldatzen dute.
Esperimentatzen duenari egokitzen zaion metodoa erabiltzen du bakoitzak eta gida pertsonal baten laguntza izaten du horretarako, laguntzailearena.
Espirituak gugan jardun dezan laguntzen digute, eraldatu gaitezen, gure bihotza mendean duten loturetatik libratu dadin eta Jainkoaren borondatea bilatu eta gure bizitzetan borondate hori egiten laguntzen digute.
San Ignaziok Gogojardunen Liburuan islatu zuen metodoa lagungarri izan dute hainbat gizon-emakumek azken 400 urteetan Jainkoa aurkitzeko eta beren bizitzei zentzua emateko.

Edonorentzat?
Nork egin ditzake gogojardunak? Gogojardunak ez dira jende onarentzat, "gehiago" behar ez dutenentzat. Ez dira espiritu konformistentzat. Duena zalantzan jarri eta maite duenari jarraitzeko gai den jendearentzat dira. Sakoneko konbertsioa nahi dutenentzat dira, zerbait gehiago eta zerbait desberdina behar dutela dakitenentzat, edo Jesukristok bere adiskideei agindu zienaren bilaketa eta irrika dutenentzat.
Gogojardunak egokitu egin daitezke buztina bezala, egiten duenera egokitzen dira. Hori dela eta, Gogojardun osoak hilabete izaten dira, eguneroko bizitzatik aldendu eta isilik egoten da gogartetxe batean. Une garrantzitsuetan egiten dira, erabaki handiak hartu behar direnean edo norbere bizitza sakon aztertu nahi dugunean. Eguneroko Bizitzako Gogojardunen bidez ere egin daitezke eta azkeneko urteetan on line ere bai. Bakoitzaren denboraren eta nahi duenaren eta behar duenaren arabera, gogojardun laburrak (4-8 egunekoak) edo hilabetekoak egin ditzake.

Zertarako egin gogojardunak?
Jesukristoren ebanjelioa serio hartzeko lagungarri izan nahi dute gogojardunek. Maitatzeko erabat libre izaten uzten ez diguten gure bihotzeko loturak apurtzeko. Jainkoak erreinua eraikitzera gonbidatzen gaituela zehatz hautemateko eta erdipurdiko bizimoduarekin ez konformatzeko. Gure denbora eta bizitza ahalik eta ongien aprobetxatzeko ere bai. Ideietan ez geratzeko, planteamendu ideologikoez harantzago joateko, esperientzia pozgarri eta pizgarrian nabarmentzen den egiari jarraitzeko.
Gogojardunak egiten dituenak bere bizitzan zerbait aurkitzeko motibazioa du eta bitartekoak jartzen ditu hausnartzeko, meditatzeko eta barne-azterketa egiteko. Bere bizitza ordenatu nahi du, bere destinoaren jabe egin. Koherentzia handiagoz bizi nahi du eta Jainkoak nahi duenaren arabera. Eta bilaketa horretan bere zailtasunak, animorik ezak eta asaldurak izango ditu gogojardunetan, baina baita pozak eta itxaropenak ere. Gogojardunak Jainkorengana joateko bidea dira. Orainalditik abiatzen da, baina ez dakigu nora eramango gaituzten. Egun gutxian ez da mirari handirik izaten, baina gogorjardunek gehiagora garamatzate beti, zerbait berrira: «Nora eraman nahi nauzu, Jauna?»